RSS icon Bullet (black)
  • ‘Erria txikota’ lelopean antolatuko du Oriok 2014ko Kilometroak

    Posted on 24 azaroa, 2013 No comments

    Orioko Herri Ikastolak izango du 2014ko Kilometroak antolatzeko ardura. Urriaren 5ean egingo da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa eta herriko itsas ondareari lotutako ekitaldi ugari prestatuko dituzte urte guztian zehar.

    Hilabete pasatxo baino ez da igaro Tolosako Laskorain Ikastolak 2013ko Kilometroak ospatu zuenetik. Hala ere, Gipuzkoako ikastolen aldeko aldarriak ez du atsedenerako tartetik. Orioko Herri Ikastolak antolatuko du 2014ko festa, eta dagoeneko, martxan da urte guztiko lanaz arduratuko den lantaldea. Erria txikota izango da leloa, euskal kostaldeko herri arrantzaleetan ohikoa den esaera zahar bat.

    Urriaren 5ean izango da euskaltzaleen urteroko hitzordua, eta data iritsi bitartean, ekitaldi asko prestatuko dituzte, herriaren itsas ondareari lotuta denak. Arrantzaleen izaera eta auzolanaren presentzia “erabatekoa” izango dela azaldu dute antolatzaileek: “Jaiaren ardatz izango dira”.

    Lehenengo ekitaldia pasaden ostiralean egin zen, festaren aurkezpen ofizial gisa. Iluntzeko 20:00etan izan zen Karela kiroldegian, eta 60 lagunetik gora taularatu ziren; besteak beste, dantzan, kantuan, narrazioan, antzerkigintzan, arropa desfilean eta bestelako eginkizunetan aritu ziren  ikastolako ikasle eta irakasleak.  Ikuskizunak ordubete inguru iraun zuen, eta aurtengo leloa eta irudia ere bertan jakinarazi zituzten.

    Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariak adierazi du Oriok baduela esperientzia horrelako jai erraldoi batean. Izan ere, 2004an Zarauzko hainbat ikastetxerekin elkarlanean prestatu zuen urte hartako Kilometroak festa. Dena den, orduko “olatua”, oraingoan “tsunamia” bihurtuko dela esan du Saizarrek, jaialdia bakarrik antolatzearen lan zamaz jakitun.

    Leave a reply